XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. Silabazioaren teorien kritika.

Belarriak silaben arteko zatiketa atzematen du ahozko kate orotan, eta silaba orotan sonante bat. Bi gertaera horiek ezagunak dira, baina zein den beren izateko arrazoia galde dezakegu. Esplikazio batzuk proposatu dira erantzun moduan:

1. Fonema batzuk beste batzuk baina ahostunagoak direla azpimarraturik, silaba, fonemen ozentasunaren gainean finkatzeko saioak egin dira. Baina, orduan, zergatik ez dute i eta u bezalako fonema ahostunek halabeharrez silabarik osatzen?

Areago, noraino iristen da ahostuntasuna? zeren s bezalako frikari batzuek silaba osa baitezakete, pst-en adibidez. Ukipenean dauden hotsen ahostuntasunaren araberakoa balin bada soil-soilik, nola ulertu, bada, wl (indo-europear wlkos otso adibidez) bezalako multzoak, horietan gutxienik ahostunena den osagaia silaba osatzen duena baita?

2. Sievers izan zen lehena esan zuena gerta daitekeela bokalen artean sailkaturiko hots bat bokal gisa garbi-garbian atzemana ez izatea (ikusia dugu esate baterako, y eta w ez direla i eta u baizik); baina galdetzen denean zeri esker gertatzen den funtzio bikoitza edo ondorio akustiko bikoitza (funtzio hitzak ez baitu besterik esan nahi), hau erantzun ohi da: halako hotsak halako funtzioa du azentu silabikoa jaso edo ez jaso.

Zirkulu itsua, beraz: edo nik edozein egoeratan askatasuna dut sonanteak sortzen dituen azentoa nire nahitara ezar ahal izateko, eta orduan ez dago inolako arrazoirik sonantikoa baino hobe silabikoa deitzeko; edo, azento silabikoak zentzuren bat balin badu, izateko arrazoia du azalean behintzat, silabaren legeetan hartzen duelako zentzu hori. Baina, lege horiek ez adierazteaz gain, kualitate sonantiko honi silbenbildend esaten zaio gainera, silabaren eraketa azentu honen eraginpean bailitzan.

Garbi dago zertan kontrajartzen zaien gure azterbidea aurreko biei: katean agertzen den moduan harturiko silabaren azterketaren bidez, banako bakungaitza lortu dugu, hau da, hots irekitzailea edo hots itxitzailea iritsi ditugu; ondoren, banako hauek konbinatuz, silaba eta puntu bokalikoa zehazteraino iritsi gara.

Badakigu, beraz, zein egoera fisiologikoetan sortu behar diren ondorio akustiko horiek. Gorago kritikaturiko teoriek, ordea, kontrako bideari jarraitzen diote.